750 gaztek hartuko dute parte informazio eta komunikazioaren teknologien arloan euskararen erabilera sustatzeko ekimenean
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuak “Saren Euskaraz” proiektuaren bosgarren edizioa sustatu du, informazio eta komunikazioaren teknologien arloan euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza kultura digitalean bultzatzeko.
Aurtengo edizioa prentsaurrekoan aurkeztu dute Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Paula Kasares Euskarabideako Euskararen Plangintza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak.
Aurkezpenean, kontseilariak gogorarazi duenez Nafarroako Gobernuak proiektu hori 2016. urtean hasi zuen eta proposamen “irmoa eta erreferentziala” bihurtu da. Pandemiak, esan duenez, “digitalizazio-prozesuen garrantzia handitu du, eta, gure gazteria gero eta euskaldunagoa eta eleanitzagoa den testuinguruan, Sarean Euskaraz bezalako programek garrantzi berezia dute; izan ere, gazteak, gure etorkizuna direnak, gure orainaldiko teknologietan trebatu behar dira”.
Halaber, adierazi duenez “euskara kohesio- eta aniztasun-faktorea da. Horrela adierazten du Nafarroa Suspertu Planak. Plan horrek Nafarroako Parlamentuaren ekarpenak ere biltzen ditu, eta programa honen bidez, hain zuzen ere, euskarazko online tresnen prestakuntza bultzatzeko eskatu zaigu”.
Aurtengo berrikuntza Baluarte kongresu jauregira itzultzea izango da. Bertan bilduko dira irailaren 23an Iruñerriko ikastetxeetako ikasleak. Formatu presentzial hori COVID-19 baino lehenagoko edizioetan betetzen zen, baina iaz bertan behera utzi behar izan zen osasun-krisiaren ondorioz. Jarduera bertan behera geratu zen, baina ez proiektua, ikastetxeetan ikastaro erdipresentzialak eskainiz egokitzeko gaitasuna erakutsi baitzen. Lortutako arrakasta ikusita, aurten ere jarraituko du eskaintza honek, Iruñerritik kanpoko zazpi ikastetxetan egingo diren tailer praktikoen bidez, online ikastaroekin osatuta.
Bestalde, Ana Ollo kontseilariak Sarean Euskaraz programak Nafarroako hiri eta herriekin duen konpromisoa gehitu du. Konpromiso hori 23 herritan eskainiko diren doako 25 ikastaroetan islatuko da, urriaren 23tik azaroaren 15era.
Bestalde, Paula Kasaresek “DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ia 750 gaztek parte hartuko dutela nabarmendu du, eta Baluarteko jardunaldira 240 ikasle joango dira eta ikastetxeetan 500 ikasle egongo dira”, esan du.