
DBHko 4. eta Batxilergoko 1. ikasmailetako ikasleei zuzendutako ekimena abian da berriz, eta bederatzigarren urtez helduko da Nafarroako hiriburura eta hainbat herritara.
Hala, esperientzi ludiko eta parte-hartzaileen bitartez, gazteak euskarazko kultura digitalean murgilduko dira. Euskaratik eta euskaraz hurbilduko dira unibertso digitalera.
Musika autoekoizteko hastapen-lanabesak, argazki-teknika berriak, robotika, bideojokoak, errealitate birtuala, app-ak nork bere neurrira sortzeko lanabesak, Adime Artifiziala, pribatutasuna Sarean… askotarikoak dira 9. edizio honetan ere nerabeek jorratuko dituzten gaiak. Eta euskarazko unibertso digitala elikatzen diharduten profesional eskarmentudunak arduratuko dira SAREAN EUSKARAZ programa osatzen duten jarduera horiek guztiak gidatzeaz, euren grina kutsatu nahi diete gazteei: ERAGIN komunikazioa, TALAIOS kooperatiba, ELURMALUTA proiektu artistikoak, GISAsoftware librearen aldeko elkartea, EMAIZE sexologia zentroa, CODESYNTAX, PROTOMAKERS club, KATUBIikus-entzunezkoak, GAME ERAUNTSIA euskarazko bideojokozaleak eta Dj MAKALA, besteak beste.
Askotariko gaiak ez ezik, askotarikoak dira, baita ere, SAREAN EUSKARAZ-ek proposatzen dituen formatuak.
Alde batetik, Iruñerriko ikastetxeetako 900 bat gaztek parte hartuko dute urriaren 7an eta 8an Iruñako Baluarte Jauregiak hartuko dituen jardunaldietan.
Eta bestetik, hitzordu horietatik harago eta Iruñerritik kanpo, baliabide digitalei buruzko ikastaroak gaztelekuetara, kulturetxeetara eta ikastetxeetara ere iritsiko dira.
URRIAREN 7 eta 8ko JARDUNALDIAK
Baluarte Jauregian, ikasleek hiru gune dituzte zain: IKAS gunea (tailerrak), ERA gunea (hitzaldiak) eta JOLAS gunea. 9:00etatik 13:45ra bitarte, hiru taldetan banaturik eta beste horrenbeste txandatan, gazteek SAREAN EUSKARAZ jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatuko dute: lanabes digitaletan trebatzeko eta horien aplikazio errealak ulertzeko 8 lantegi; arrasto digitalaz eta sare sozialetan modu arduratsuan jarduteko moduaz hausnartzeko 2 hitzaldi interaktibo, zozketak, Egunean Behin jokoan nahiz breakout erronka batean lehiatzeko tartea, eta zuzeneko musika.
IRUÑERRITIK KANPO ERE, SAREAN EUSKARAZ
Urteroko Baluarte Jauregiko hitzordua, baina, ez da SAREAN EUSKARAZ egitasmoaren formatu bakarra. IX. ekitaldi honetan erę, baliabide digitalei buruzko ikastaroak gaztelekuetara, kulturetxeetara eta ikastetxeetara iritsiko dira Iruñerritik kanpo ere.