Iruñerriko 676 gaztek hartuko dute parte IX. SAREAN EUSKARAZ Jardunaldietan.
Euskarazko Kultura Digitala sustatzea da ekimenaren helburu nagusia.
- NOIZ: 2025eko urriak 7 eta 8, 08:45–13:45
- NON: Baluarte Jauregia, Iruña
- NOR: Iruñerriko 11 ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 676 ikasle
- ZER: 8 lantegi praktiko, 2 hitzaldi interaktibo, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida kolektiboa, breakout erronka, zozketak eta Jurgi Ekiza-ren kontzertua.

Nafarroako Gobernuak Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez bultzatzen duen SAREAN EUSKARAZ egitasmoa bederatzigarren aldiz iritsiko da Nafarroako hiriburura.
GAZTEAK, Informazioaren eta Komunikazioaren TEKNOLOGIAK (IKT), eta EUSKARA dira jardunaldi hauen zutabeak, eta horien inguruan ardazten da ekimenaren helburu behinena ere: euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ezagutarazi nahi ditu gazteen artean. Eta, lanabesak ezagutu ez ezik, ikasleek tresna horiek balioan jar ditzaten nahi du, eta gazteak, hartzaile-kontsumitzaile izatetik, euskarazko ekosistema digitala aberastuko duten sortzaile eta garatzaile izatera pasatu daitezen.
SAREAN EUSKARAZ egitasmoaren IX. edizio honek, Bigarren Hezkuntzako ikasleak ez ezik, Lanbide Heziketakoak ere hartuko ditu aurreneko aldiz. Hala, Iñaki Ochoa de Olza, Donapea, IES Zizur, Mendillorri, Maria Ana Sanz eta San Fermin ikastolako 258 gazte elkartuko dira urriaren 7ko saioan; eta Pedro de Atarrabia, Donapea, Sarriguren, Iparralde, Jaso ikastola eta Iturrama ikastetxeetako nahiz Lanbide Heziketako beste 418 gazte urriaren 8an. Orotara, horrenbestez, 676 nerabe murgilduko dira euskarazko unibertso digitalean.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Bigarren Presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Javier Arakama Urtiaga Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak bertatik bertara jarraituko dituzte lehenengo saioaren nondik norakoak. Arakamak berak, gainera, parte hartuko du urriaren 7an, 09:00etan, SAREAN EUSKARAZ ekimeneko lantaldeak gazte parte-hartzaileei egingo dien harreran.
ASKOTARIKO EDUKIAK ETA FORMATUAK
Baluarte Jauregian, ikasleek hiru gune dituzte zain: IKAS gunea (tailerrak), ERA gunea (hitzaldiak) eta JOLAS gunea. 9:00etatik 13:45ra bitarte, hiru taldetan banaturik eta beste horrenbeste txandatan, gazteek SAREAN EUSKARAZ jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatuko dute:
> Lanabes digitaletan trebatzeko eta horien aplikazio errealak ulertzeko 8 lantegi
> Arrasto digitalaz eta sare sozialetan modu arduratsuan jarduteko moduaz hausnartzeko 2 hitzaldi interaktibo
> Egunean Behin jokoan nahiz breakout erronka batean lehiatzeko tartea.
JURGI EKIZAREN KONTZERTUA


