• Euskarabideak bultzatutako programa honen seigarren edizioa Baluarten izango da urriaren 13an eta 14an.
  • 2019az geroztik, ‘Sarean euskaraz’ Iruñerritik kanpoko institutuetara ere iritsi da. Aurtengo edizioan, Altsasu, Bera, Doneztebe, Leitza eta Tafallako 400 ikaslek hartuko dute parte.
  • Programa akademikoaren osagarri modura, irailaren 30etik azaroaren 9ra bitarte, publiko zabalari zuzenduriko doako 19 ikastaro antolatuko ditu ‘Sarean euskaraz’ ekimenak Nafarroako beste horrenbeste udalerritan.

4.DBHko eta 1. Batxilergoko 1.300 gaztek baino gehiagok parte hartuko dute urriaren 13an eta 14an, Iruñeko Baluarte Jauregian, “Sarean Euskaraz” programaren seigarren edizioan. Programa hori Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak sustatu du, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) esparruan euskararen erabilera ezagutarazteko eta sustatzeko, eta euskarazko kultura digitala bultzatzeko, bereziki gazteen artean.

Programaren aurkezpenean izan dira Ana Ollo ‘Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria’ eta Mikel Arregi ‘Eusakarabideako zuzendari gerentea’. Ana Ollo kontseilariaren esanetan “euskarazko kultura digitalaren inguruko jardunaldi bat da, gazteriarentzat jaialdi eran girotua; edo, bestela, euskarazko kultura digitalaren jaialdia, gazteentzako prestakuntza-jardunaldi bikain baterako edukiak dakartzana; bertan, Foru Komunitateko herri anitzetako gazteak kultura digitalaren diziplina ezberdinak ikasten eta esperimentatzen jardungo dira”.

Euskarazko IKTen programa eredugarria

‘Sarean Euskaraz’, sei urteko esperientziarekin, euskarazko informazio eta komunikazio teknologien programa eredugarria bihurtu da, edizioz-edizio ekarri dituen berrikuntzak eta metodologia berriak kontuan hartuta. Ana Olloren hitzetan: ‘Sarean euskaraz’ ekitaldiaren arrakasta gazteria, hartzaile izan ordez, interesatzen zaien eduki praktiko eta funtzional baten protagonista aktibo izatean datza, izan ere kultura digitalaren diziplina ezberdinak erabiliz esperimentatu, sortu eta dibertitu ahal izateko aukera dute. Eta hori guztia euskeraz. “Gogoan izan behar da gazteriaren % 30ak euskaraz badakiela”, erantsi du.

Urriaren 13an eta 14an, Baluarteko jardunaldiak

4. DBHko eta Iruñerriko 10 ikastetxetako 1go Batxilergoko 908 gaztek hiru gune ezberdin ezagutuko dituzte goizean. Horietako batean, Sarearen erabilera seguruaz eta 3.0 harremanen pribatutasunari buruzko segurtasunaz ariko diren hitzaldi labur eta dinamikoak entzuteko aukera izango dute.

Bestalde, musika-sorkuntza, bideo-mappinga, Android mugikorretarako aplikazio ezberdinen sorkuntza, Arduino errealitate birtuala, 3D inprimagailuak, Smartphone bidez eginiko argazkigintza edota joko digitalak ardatz izango dituzten tailer banatan trebatuko dira. 8 tailer esperimental orotara.

Gainera, aurtengo berrikuntza gisa eta IKTen inguruko esperientzia ludikoa indartu nahian, parte-hartzaileak Egunean Behin lehiaketaren zuzeneko partida batean lehiatuko dira.

Tailerrak Iruñerritik kanpoko institutuetan

2019az geroztik, ‘Sarean euskaraz’ Iruñerritik kanpoko institutuetara ere iritsi da.

Aurtengo edizio honetan, Altsasu, Bera, Doneztebe, Leitza eta Tafallako ikastetxe banatako 400 ikaslek hartuko dute parte. Mikel Arregik, Euskarabideako zuzendari gerentea, azaldu duenez “Nafarroa bezalako komunitate batean premiazkoa da teknologia hauen informazioa eta prestakuntza landa-ingurunetara eramatea, izan ere, digitalizazioa estrategikoa da lurralde garapenerako eta orekarako, eta landa-ingurunetako despopulazio arriskua ekiditeko modu eraginkor bat da”.

Parte hartzearen gorakada eta egitasmoaren arrakasta

Lehen edizioa 2017an izan zen eta, ordutik, urtez urte itzuli izan da. Pandemia garaian formatua modu erdipresentzial batera egokitu zen, Moodle plataformaren bidez ikastaro birtualak eginez; eta azken edizioetan, ikastetxeekin aldez aurretik egin izan da lana, ikasleek ikastaroaren dokumentazioa eta bideo tutorialak lehenagotik edukitzeko”.

Orain arteko bost ediziotan, 4.300 gaztek gozatu dute euskarazko kultura digitalaren inguruko heziketa eskaintza honetaz. Aurtengo parte-hartzearen aurreikuspena kontuan hartuta, 5.800era iritsiko da kopurua, beraz, 2022ko hau inoizko ekitaldirik jendetsuena bihurtuz.

Herritar ororentzako ikastaroak

Aurreko ediziotan abiarazitako bideari eutsiz, eta programa akademikoaren osagarri modura, irailaren 30etik azaroaren 9ra bitarte, herritar ororendako (nahiz eta gazteak izan interes puntu nagusia), doako 19 ikastaro antolatu ditu ‘Sarean euskaraz’ ekimenak. Honako udalerrietan izango dira: Altsasu, Antsoain, Arbizu, Artika, Barañain, Bidaurreta, Burlata, Etxalar, Lizarra, Tafalla, Goizueta, Uharte, Otsagabia, Iruña, Gares, Zangoza, Tutera, Urrotz Hiria eta Atarrabia.

Programaren aintzatespena

2021ean, proiektu hau (Sarean euskaraz 2018: Digital Culture Day in Basque) Praktika Egokien Gidan barne hartu zuen Europako Kontseiluak, gutxiengoen hizkuntzak sustatze aldera egindako lanagatik. Aurten (2022), bestalde, Espainiako Gobernuaren Kultura eta Kirol Ministerioak finantzatzen dituen proiektu digitalen artera ekarri du ‘Sarean euskaraz’.

Joan den irailaren 26an, Hizkuntzen Europako Eguna dela eta, eta aurtengoa Gazteriaren Europako Urtea izanik, Ollo Kontseilariak ‘Sarean euskaraz’ programa aurkeztu zuen Bruselako ekitaldi instituzional batean. Nafarroako Gobernua hitzordu horren antolakuntzan egon zen, izan ere, Hizkuntzen Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen kide da, Europako beste hainbat Gobernurekin batera. ‘Sarean euskaraz’ digitalizazioaren eta gazteriaren esparruak barne hartzen dituen praktika egoki modura aurkeztu zuten.