Jardunaldiak 2023

DBHko 4. eta Batxilergoko 1go ikasmailetako ikasleei zuzendutako jardunaldiak bi formatu uztartuko ditu VII. edizio honetan:

Lehendabiziko hiru edizioetan erabilitako aurrez aurreko formatua berreskuratuko du Iruñerriko ikastetxeetatik hurbilduko diren gazteentzat, eta Baluarte Jauregiak hartuko ditu urriaren 10ean eta 11an.

Hainbat eduki eskainiko dituzten hiru aretoetan barrena mugituko dira gazteak:

Jolas Aretoa

Galdera-erantzunen jokoa da Egunean behin, bakarka nahiz taldean jokatzeko diseinatua, euskaraz. Android mugikorretan zein iPhonetan instala daiteke.

Dinamika oso erraza proposatzen du Egunean behin jokoak. Izenak berak dioen bezala, egunean behin partida bat jokatzeko aukera izango duzu. Partida bat, eta bakarra. 10 galderari erantzun beharko diozu, ahalik eta azkarren. Zenbat eta gehiago eta azkarrago asmatu, hobeto!

Erantzun zuzenen kopuruaren eta pasatako denboraren arabera, puntu gehiago edo gutxiago lortuko dituzu. Eta, horren arabera, sailkapenean gora edo behera eginen duzu, jakina.

Sailkapena, normalki, asterokoa da: astelehenetik igandera bitarteko partidak hartzen ditu kontuan. Baluarte Jauregian, ordea, zuzeneko partidak jokatuko ditugu bertan gaudenon artean lehiatzeko. Txanda bakoitzeko 3 partida bizkor eta sari bat egongo dira.

Ikas Aretoa

Gune praktiko honek 8 lantegi hartuko ditu eta, 20 laguneko taldetan banatuta, ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izanen du. Tailerrak dagokion sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatuko dituzte. Honakoa da eskaintza:

  • Musika sortzeko, nahasteko eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)
  • Bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta)
  • App Inventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)
  • Errealitate birtualerako hurbilpena (Protomakers)
  • Gamer gela: bideo-jokoen kontsumoaren inguruko gogoeta egingo da eta euskarazko bideo-jokoak probatuko dira (Game Erauntsia)
  • Arduino – Robotika: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers)
  • 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers)
  • Argazkilaritza smartphonearekin, Instagram baino gehiago (Oier Fuentes)

Lantegien iraupenari ahalik eta probetxu handiena ateratzearren, bideo-tutorial bat aurreratuko zaie azalpenekin.

Era Aretoa

Erabileran sakontzeko pentsatutako areto honetan bi hitzaldi programatuko dituzte, bakoitza 35 minutukoa. Biek ala biek IKTen erabilera egokia egitearen garrantziaz ohartarazi eta horretarako jarraibideak azalduko dituzte. Izan ere, IKTek gero eta presentzia handiagoa dute herritarren egunerokoan, baita esparru pribatu eta intimoenetan ere.

  • Pribatutasuna Sarean (Maider Likona, Gipuzkoako Software Askea)
  • Harremanak 3.0: like bat eman (Ane Ortiz, Emaize Sexologia Zentroa)

Iruñerritik kanpoko ikastetxeen kasuan, ordea, iazko formatu erdi-presentziala errepikatuko da eduki zuen arrakasta dela-eta. Kasu horretan jardunaldia deszentralizatuko da eta ikastetxeetan antolatuko da. Bertan lantegi praktiko bana eta Moodle plataformaren bidez ikastaro birtualak antolatuko dira.

8 lantegi praktiko eskaini zaizkie eta ikastetxeek, ikasle kopuruaren arabera, bana edo bina aukeratu dituzte. Ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izanen du. Sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatuko dituzte lantegiak. Honakoa da eskaintza:

  • Musika sortzeko, nahasteko eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)
  • Podcast (Dj Makala)
  • App Inventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)
  • Errealitate birtualerako hurbilpena (Protomakers)
  • Memeak: umorezko mezu sinpleak dira, kultura digitalaren ezinbesteko edukia, are gehiago nerabe eta gazteen artean (Ion Celestino)
  • Arduino – Robotika: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers)
  • 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers)
  • Raspberry Pi: plaka-ordenagailu txiki eta merkeak (Protomakers)

Lantegien iraupenari ahalik eta probetxu handien ateratzearren bideo-tutorial bat aurreratuko da azalpenekin.

Bi ikastaro, Pribatutasuna Sarean (Maider Likona, Gipuzkoako Software Askea) eta Harremanak 3.0: like bat eman (Ane Ortiz, Emaize Sexologia Zentroa) online eskainiko dira Moodle ikaskuntza plataforma librearen bidez. Saio biek IKTen erabilera egokia egitearen garrantziaz ohartarazi eta horretarako, jarraibideak azalduko dituzte. Izan ere, IKTek gero eta presentzia handiagoa dute herritarren egunerokoan, baita esparru pribatu eta intimoenetan ere. Saioak 4-5 minutuko hainbat bideo-pilulek eta haiekin lotutako ariketek osatuko dituzte.

Bi saioekin batera, euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lanean diharduten honako proiektuen aurkezpen bideo laburrak izango dira: Lehen Hitza Euskaraz, Wikipedia euskaraz, Gazte Gara Gazte, Egunean Behin eta Gatazkarik Gabeko Teknologia.